SL-Gi 4002 Faunaren ibilbidea

Ibilbide hau Pagoetako fauna eta landa-paisaia ezagutu nahi dituzten familia eta ibiltarientzat oso egokia da. Bidean, pottokak, betizuak, orkatzak eta oreinak ikusteko aukera izango dugu; horien artean, desagertzeko arriskuan dauden etxeko animaliak, pottokak eta betizuak.

Ibilbidea Laurgaingo aparkalekutik abiatzen da, eta handik poliki-poliki igoko gara Laurgaingo santutxo ezagunetik barrena. Baso naturalen eta landatuen artetik jarraituz, Sarrola baserrira iritsiko gara, eta inguruko itxituretan parkeko animaliak ikusteko aukera izango dugu. Familia osoarentzat, eta bereziki etxeko txikienentzat, esperientzia aparta da.